Enplegua eta profesionaltasuna elkar konektatzea
Zerez egina dago profesionalitatea? Zein leku betetzen du lanak zure bizitzan? Eta enpleguak? Zerk bereizten du zure ekarpen profesionala eta zure lanpostu berdina dutenena? Zein testuinguruk ematen dute zure gaitasunak ahal beste zabaltzeko aukera?
Parte hartzen dudan profesionaltasun-tailerretan, galdera horiek eta beste batzuk sortzen dira. Horrelako espazioetan* ezagutu ditudan pertsonen erantzunak beti izan dira inspirazio-iturri. Eta proposamen honen oinarrian daude. Gainera, ikuspegia teoria eta metodologia osagarriz ere elikatzen da. U Teoria, lanaren ikuspegi feminista eta Belbin Rolak esku-hartze bakoitzaren diseinuan kontuan hartzen dira eta azken asmoa inspiratzen dute:
Pertsonak merkatuaren zerbitzura jartzen dituen instrumentalizazioa gainditu eta garapen profesionalaren prozesuak lan-paradigma berri baterako bide kolektiboan kokatzea.
Helburua ez da hainbeste modua deskribatzea, kolektibo bakoitzaren arabera egokitzen baita, baizik eta proposamenaren zergatia eta xedearen inguruko hausnarketak planteatzea.
* U. labs (2015-2019) delakoak prestakuntza-ekintzarako hub lokalak dira. Sustatzailea: Presencing Institute.
Centramiento Profesional (2014-2016) eta We Work (2017-2018) langabezian zeuden pertsonei zuzendutako programak izan ziren, tokiko enplegurako zerbitzu publiko baten baitan kokatuak.
Biografías Profesionales (2016 -2021) izeneko publiko mistoari zuzendutako proiektu propioa da.
Enplegurik ez edukitzeak ez du garapen profesionala bermatzen, eta langabeziak ere ez du zertan paralizatzailea izan
Lan-eskaintza bati uko egitea, lana norbere borondatez uztea edota benetan nahi dugun lana aurkitu arte langabezia egoera proaktiboan egotea ez dira izaten aukerarik ohikoenak. Ohikoena da langabezia inposaketa moduko bat izatea, kanpo erabakien ondorioa, eta erresilientziaz aurre egin beharreko erronka.
Bizipena hori izanda, ulertzekoa da egoera horretatik ahalik eta arinen ihes egin eta aurreko lan-merkatura itzuli nahi izatea. Hori da ohikoena baliabide ekonomikoek beste aukerarik uzten ez dutenean edo pertsonek ondo dakitenean zein eremu profesionaletan egon nahi duten.
Baina, askotan, hori ez da gertatzen. Batzuetan, jendeak zalantza dauka aurretik egondako lan-merkatu horretara itzuli nahi duen. Edo ekonomia pertsonalak inbertsio-aukera bat ematen duenean, berehalako irteera ez da beti eragin handiena duena. Hori horrela izanik, langabezia egoera profesionaltasunean murgiltzeko momentu ona izan daiteke. Eta, era berean, hurrengo etapari baliabide, autoezagutza eta tresna gehiagorekin aurre egiteko.
Eskala pertsonalean, langabezia zeharkakoa da
Langabezia egoera enplegurik ez izatea baino gehiago da. Normalean, lan-eremutik harago doa. Autonomia ekonomikoa arriskuan jartzen du, sozializazio espazioak murrizten ditu eta familia barruko zaintza-lanaren banaketan eragiten du. Gainera, askotan, aurreikuspen pertsonalek behera egiten dute, eta autoestimua eta autokonfiantza galtzeko arriskua dago.
Langabeziak gure bizi-eremu guztiak zeharkatzen ditu. Hala ere, politika, tresna eta programen eremura sartzen garenean, ia beti egiten dugu topo silo pentsamenduarekin.
Gainera, kontuan hartu beharreko aspektu guztiak ez daude elkar lotuta, gauza bakoitzerako leihatila batera jo behar da: lan-eskaintzak, prestakuntza teknikoa, gaitasun pertsonalak, diru-sarrera ekonomikoak, kontziliazioa, sare profesionala edota osasun emozionala. Beste esparru askotan gertatzen den moduan, beharrezko berrikuntza eta programetan eragina daukana ez da hainbeste baliabide edo zerbitzu kopurua, baizik eta horiek koordinatu eta elkar konektatzeko gaitasuna.
Pertsonaletik hasi, testuingurua galdu gabe
Zeharkakotasuna ulertu eta pertsona bakoitzari bere testuinguru pertsonaletik laguntzeak ez du esan nahi enplegagarritasun diagnostikoak ezagutza, gaitasun, motibazio eta meritu indibidualen araberakoak soilik izango direnik. Langabezia egoera bakoitza eskala guztietako kanpo erabaki anitzen ondorioa ere bada. Gobernuek erabakitako politika ekonomikoetatik, enpresa-estrategietara. Egoera ekonomikoa, lan erreformak, sare produktiboaren eraldaketa eta lan-merkatuaren aldaketak ere kontuan izanda.
Pertsona bakoitzak zein testuinguru duen ulertzea funtsezkoa da analisi partzial edo diskurtso indibidualistak saihesteko. Horiek, modu kontziente edo inkontzientean, pertsona bakoitzari egozten diote langabezia egoeratik irteteko prozesuaren erantzukizun osoa, estrategia indibidual, prestakuntza-estrategia eta estrategia motibazionalen bidez.
Profesionaltasun murgildua
Bizitzari eusteko burutzen ditugun jarduera produktibo eta erreproduktibo guztiak lana dira. Enplegua horien zati bat baino ez da, kontabilizatu eta merkantilizatutako zatia, izebergaren goiko aldea. Gutxien ikusten den zatian, ezagutza, gaitasun, denbora, baliabide eta ahaleginen konbinazio konplexua dago. Elikadura, etxebizitza, hezkuntza, pertsonen zaintza, boluntariotza espazioak, afizioak, militantzia edo partaidetza sozialarekin lotutako beharrizanak estaltzeko martxan jartzen ditugun aspektuak.
Enplegua eta lana bereiztea beti da beharrezkoa, baina, enplegurik ez dugunean, are garrantzitsuagoa da ikuspegia lanera bideratzea. Garrantzia handia dauka langabezian dagoen pertsonaren ezagutzak, gaitasunak eta ekarpenak baloratzea ere. Horrela izanik, enpleguaren eremutik kanpo eskuratutako trebetasun pertsonalak, afizioak eta ezagutzak aitortzeak profesionaltasunari beste osagai batzuk gehitzen dizkio. Gainera, ibilbide bakoitza pertsonalizatzen du, berezi eginez.
Izebergaren goiko aldean aurrez ezarritako lanpostuekin eta titulazioekin erlazionatutako etiketak ditugu. Azpitik, ohartzen gara konposizio profesionalak desberdinak direla; ez daude bi berdin. Osagaien konbinazio guzti horiei esker, ikuspegi profesional berezi eta anitzak sortzen dira, pertsona bakoitzaren esentziarekin konektatuak.
Tituluez harago, meta-gaitasunak
Badakigu langabezia atzean uzteko garrantzitsua dela gaitasun teknikoak egiaztatuta izatea. Hala ere, askok esaten dute, titulazioa eta prestakuntza instrumentalak izatea funtsezkoa den arren, ez dela nahikoa.
Lan arloko etorkizuna hegazkorra, ziurtasunik gabea, anbiguoa eta aldakorra da, eta ezagutza instrumentalen iraungitzeak balio handiagoa ematen die denboran zehar irauten duten gaitasun-nahasketa horiei. Gainera, eremu profesionalean egiten diren harreman eta ekarpenen oinarrian daude.
Institute for the Future for the University of Phoenix Research Institute erakundearen arabera, gizarte moduan aldaketa batzuei aurre egin beharko diegu: Zahartzea, makina eta sistema adimentsuen ugaritzea, digitalizazioa, sareak eta konektibitate globala. Horiek denek ezagutza teknikoetatik harago doazen gaitasunak eskatzen dituzte, nahiz gero ezagutza guzti horiek elkar konektatuta egongo diren. Diziplinartekotasuna, gaitasun sozialak, diseinuaren pentsamendua, lankidetza birtuala edo kulturartekotasuna dira konpetentzia garrantzitsuenetako batzuk.
Ikuspegi osagarri batetik, Harvard Innovation Lab erakundeko Tony Wagnerrek, testuinguru laboral eta ekonomikoaren etengabeko aldaketetan irauten duten gaitasun pertsonalak sintetizatu ditu. 7 Survival Skill izenekoak dira. Enpresak zuzendu edo langileak hautatzen dituzten pertsonek gehien eskatzen dituzten trebetasunak dira, eta hezkuntza eremu eta metodoetan aplikatutako berrikuntza prozesuetan lehenestea proposatzen du.
- Pentsamendu kritikoa eta arazoen ebazpena.
- Arintasuna eta egokitzeko gaitasuna.
- Sareko lankidetza eta eragiteko gaitasuna, lidergoa.
- Ahozko eta idatzizko komunikazio eraginkorra.
- Informazioa eskuratu eta aztertzea.
- Jakin-mina.
- Ekimena.
Aniztasun osagarria
Hainbat adituk uste dute zeharkako gaitasunek funtsezko garrantzia dutela garapen profesionalerako eta erronka globaletarako. Horrek ez du esan nahi, praktikan, konpetentzia horiek arreta nahikoa jasotzen dutenik prestakuntza-ibilbide tradizionaletan.
Orokorrean, ezagutza falta handia da. Diagnostikoak eta gaitasunen inguruko entrenamendua pertsonalizatzeko autoezagutza, hiztegia eta tresnak behar ditugu.
Badago emaitza onak ematen dituen tresna egoki eta egiaztatu bat: Belbin Rolen metodologia. Esperimentazio eta ikerketa lan zabala egin da, eta bermatuta geratu da lan-testuinguru anitzetarako erabilgarria dela. Nik, pertsonalki, lana bilatzen ari ziren pertsona-talde askorekin probatu dut, eta emaitzek baieztatu dute erabilgarria dela. Pertsonak berak eta hirugarrenek egindako behaketen bidez, lan eremuko jokabidea osatzen duten indargune, ahulgune, joera eta ekarpenen mapa pertsonalizatua lortzen da. Gainera, taldeko eta banakako saioetan landuz, norberaren ezagutza handitzen da.
Era berean, laneko testuinguru eta estiloen ildo beretik doazen ibilbideak diseinatzeko aukera ematen du.
Metodologia horri esker, makro diskurtsoak mikro prozesuetara lekualdatu ahal izan ditugu. Gainera, profesionaltasunaren osagai ikusgarri zein ikusezinak fusionatzen dira. Eta pertsona bakoitzari kolaboraziozko eremuetan lan egiteko tresna praktikoak ematen zaizkio, aniztasuna eta osagarritasunari balioa emanez.
Kanpoan-barruan estrategia konbinatua
Lan-merkatuari soilik begiratuz garapen profesionalari aurre eginez, estrategia hankamotz gera daiteke. Horrela ez izateko, barne-begirada bat aplikatu behar da, eta fokua gaitasun guztien arteko nahasketan jarri: bizitzan jasotako ezagutzak, titulazioak, esperientzia profesionalak eta bizitzakoak, eta gure ezaugarri nagusiak diren gaitasun pertsonal eta interpertsonalak.
Izebergaren goiko zatian soilik oinarritutako estrategiak definitzeak gure profesionaltasunaren dimentsio berezienak ez ikustera eraman gaitzake. Gainera, enplegu-bilaketa lehiakortasun estrategia huts bihurtu daiteke; horren arabera, pertsonek “marka” bat eraikitzen dute beren burua “saldu” eta beste batzuekin merkatuan “lehiatzeko”.
Ikuspegi konbinatuak kanpo eta barne konexioak eskatzen ditu. Kontzeptuak astindu, pertsonak merkatuaren zerbitzura dauden subjektu gisa instrumentalizatzen dituen paradigma zaharra gainditu eta lana lankidetza eta eraldaketa sozialerako esparru gisa irudikatu behar dugu.
Nazio Batuen Garapenerako Programaren ildotik, aspirazio pertsonal eta kolektiboa ez da hainbeste enplegua bera, baizik eta beharrizan globalen zerbitzura dagoen lan duina.
Nire esperientzian eta ingurukoen esperientzian oinarrituta, badakit konexioek denbora eta erreposoa behar dutela. Lehenengo murgiltzea ez da nahitaez bukatzen helburu profesionalaren marrazki definituan. Hala ere, egiten duguna gu geu garenarekin konektatzeko bidean jartzen gaitu. Eta konexio horrek egonkortasuna eman ahal digu geratzen zaigun bizitza profesionalean gaitasun funtzionalak konbinatzeko.
Bizitza profesionalaren uneren batean autoezagutza eta entrenamendu espazio hori eskaintzea funtsezkoa izan daiteke. Garapen pertsonal eta profesionalerako espazioa handitu eta erakundeari zein lanaren inguruko eremu sozialari ekarpen handiagoa egiteko.
Murgiltze profesionala probatu nahi duzu? Autorearen kontaktua hemen duzu: https://www.linkedin.com/in/izaskunmerodio/
Artikuluaren autorea: Izaskun Merodio Vivanco