Meredith Belbin

Hasiera » Belbin zer da » Meredith Belbin

Meredith Belbin doktoreak negozio-simulazioetan oinarritutako jokoen bitartez identifikatu zituen Talde-rolak, Henley Business School ikastegian egindako ekipoei buruzko ikerketa batean. 1969. urtean, Belbin doktoreak gonbita jaso zuen business game hori ekipoen jokabideari buruzko ikerketa baten aplikatzeko. Ikerketa luzearen lehen urratsa izan zen hura, eta, hari esker, Meredith Belbin doktoreak Belbin Talde-rolen teoria argitaratu zuen 1981. urtean. Psikologia alorreko teoriarik garrantzitsuenetarikoa izaki, oihartzun izugarria izan zuen talde-lana ulertu eta garatzeko moduan, eta indarrean jarraitzen du oraindik ere, pertsonen zein ekipoen potentzialari ahalik eta errendimendurik handiena ateratzeko sistema gisa.

Gehiago jakin nahi baduzu, Training Journal aldizkarian argitaratutako artikulu hau irakurtzera animatzen zaitugu; bertan, Meredith Belbin, 91 urte dituela, bere bizitza eta lanaren inguruan mintzo da, baita oraindik eten ez duen ikasketa-prozesuaren inguruan ere.

Haurtzaroa

Meredith Belbinek 13 urte zituen Bigarren Mundu Gerra hasi zenean. Sevenoaks barrutian, «bonben kalezuloa» izenaz ezaguna zen gunean bizi bazen ere, Meredithek, haren amak eta ahizpek uko egin zioten handik ihes egiteari, eta High Wycombe-ko Royal Grammar School-en ikasten jarraitu nahiago izan zuen (emaitza bikainak jasotzen zituen han dagoeneko).

Meredithek gogoan du gazte-gaztetatik garrantzia handia eman ziola nork bere indarguneak garatzeari eta ahuleziak kudeatzeari, hark berak orekatu egiten baitzuen matematiketako errendimendu txikia Latineko emaitza bikainekin.

Cambridgeko Unibertsitatea

1945. urtean zaila zen Oxford edo Cambridgen plaza bat lortzea, asko eta asko soldadu ohientzat erreserbatuta baitzeuden. Hala eta guztiz ere, Belbin doktoreak, apaltasunez, «maila altuko hitzontzikeria» gisa deskribatzen duen saiakerari esker, plaza bat lortu zuen Cambridgeko Clare College ikastegian, eta bertan hasi zituen ikasketa klasikoak.

Konbentzionalismorik gabeko pertsona izaki, ondo pentsatu ondoren, psikologia ikastea erabaki zuen eta bi urteko ikastaroa egin zuen, zegokion denboraren erdian. Orduan ezagutu zuen Eunice, gerora emazte izango zuena. Eunicek psikologia ikasten zuen Girton College-en. 

Handik gutxira, zahartzaroaren psikologian doktoretza egiten hasi zen industria arloan zentratuta.

Lehen urratsak

Teoriatik praktikara

Doktoretza egin ondoren, Meredithek ikerketa-beka bat lortu zuen Crabnfield College ikastegian (gaur egun, Cranfield School of Management), eta hari esker jarraitu zuen industriako langile nagusienei buruzko ikerketak egiten. Lanaren bitartez, ehun erakunde baino gehiagotan esku hartu zuen, adinean gora egin ahala lan-ereduak nola aldatzen diren aztertuta. Meredithek gogoan du, hain zuzen ere, adineko langileek ez zutela atsegin produkzio-lineetako «lan-erritmoa», eta deskubritu zuen langile horiek zehaztasunagatik (azkartasunagatik beharrean) saritzen zituzten lekuetan laneko asebetetze-maila handiagoa zela.

Eunice Belbinek Industrial Training Research Unit (ITRU) zentroko zuzendaria zen, eta Meredithek uztartu egiten zituen Cranfield-eko lana eta Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakunderako aholkularitza lanak, horrek mundu erdian zehar lan egitera eraman zuelarik. 

Ipar Amerikan, Estatu Batuetako Lan Sailarentzat lan egin zuen, komunitateko kiderik babesgabeenak gizarteratzeko, eta bestela galdu egingo liratekeen talentuak aprobetxatzea lortu zuen horrela. Meredithek deskubritu zuen pertsona horietako askok autoestimu txikia zutela, baina, lan egokia topatzen zutenean, lan-munduan egiten zuten ekarpenak asebetetze-maila handia eragiten ziela. Erakundeak konbentzitu egin zituen pertsonak doako «lan-esperientzietan» txertatzeko. Aitzindaria izan zen, hortaz, egun erabat hedatuta dagoen kontzeptu batean; eta, horrela, enpresek langile fina topatzen zutenean, hurrengo urratsa (lan ordaindua) oso erraza izaten zen.

Ikerketa Henley-n

Meredith ITRU zentroan lanean ari zelarik, Henley-on-Thames-eko Administrative Staff College ikastegian ikerketa bat zuzentzeko gonbita jaso zuen. Meredith eta Eunice, norbanakoen zein taldeen jokaeretan interesatuta, ikerketa-proiektu bat planifikatu eta zuzendaritza-taldeak aztertzen hasi ziren Bill Hartston (matematikaria eta nazioarteko xake-maisua), Jeanne Fisher (antropologoa) eta Roger Mottram (psikologo okupazionala) kideekin batera.

Ikerketa-taldeak zenbait erakundetako zuzendariak hautatu zituen, galdetegi psikometriko batzuk osa zitzaten: batzuk oso ezagunak, beste batzuk ikertzaileek beraiek sortutakoak. Taldeak negoziorako hiru simulazio-joko zuzendu zituen urtero, joko bakoitzean zortzi taldek parte hartu zutelarik. Zenbait pertsonek prozesua behatu egiten zuten eta jokalarien elkarreraginak eta ekarpenak erregistratzen zituzten, erregistro horiek ondoren analizatu eta sailkatzeko. Belbin Talde-rolen teoriaren oinarria izan zen ikerketa hura, nahiz eta une hartan ez zen haren garrantzia behar beste baloratu.

Praktikan jartzea

Talde-lana

Australian egin zuen Meredithek ikerketaren lehendabiziko proba praktikoa, pertsonei beren gaitasun eta interesen araberako aukerak emateko asmoz. 1981. urtean, Meredith Belbinek Talde-rolen Teoria aurkeztu zuen Equipos directivos: el porqué de su éxito o fracaso liburuan. Kudeaketari buruz inoiz egindako berrogeita hamar libururik onenen artean sailkatu zen, eta halaxe izaten jarraitzen du.

Meredithek ICI Paints eta Cadbury Scheweppes enpresentzat lan egin zuen hautaketa arloan, pertsona jakin batzuen eta lanpostu jakin batzuen arteko egokitasunak aztertzen. 80ko hamarkadaren amaiera aldera, hain zen handia Meredithen lanaren eskaria, non gauez ere lan egin behar izan baitzuen garai batean eskatutako txosten guztiak eskuz idatzi ahal izateko.

Belbin Associates sortu da

1988. urtean, Meredithek, Eunicek eta Nigel semeak Belbin Associates erakundea sortu zuten, Belbin Talde-rolak munduan barrena hedatzeko asmoz. Erakundeak Interplace bat garatu zuen, Meredithen ezagutzak txostenetan jaulkitzeko gai zen sistema informatiko bat. 1993an, Meredithek lan arloko Talde-rolak argitaratu zituen eta, horrela, Belbin Rolen teoria lan arloan aplikatzeko bide praktiko gehiago eskain zituen. Ordutik, Belbin Associates sendotuz joan da, eta banatzaileek Belbin Rolen mezua hedatu dute mundu osoan. Gaur egun, mundu osoan erabiltzen da Belbin metodologia eta 23 hizkuntzatan dago eskuragarri.

Meredith gaur

Gaur egun, Meredith Belbinek jarraitzen du bere interes intelektualak elikatzen, Belbin Associates erakundearen parte aktibo izaten eta bere ezagutzak partekatzen, baita pertsona guztien garrantzia baloratuko duten lan-ingurune kooperatibo eta barneratzaileagoak sortzeko dedikazio handiz lan egiten ere. Haren ondareari esker, pertsonen batasun eta garapena bultzatzen dituen komunikazio-kode unibertsal izatera iritsi da Belbin Talde-rolen lengoaia. Halaxe kontatu digu Meredithek berak:

euBasque